¡Sigue nuestras carreras y clasificaciones!

Entrada

julenagi

Maldan behera inertziarekin soilik

Goitibeherek indarra galdu dutela dirudien arren, oraindik badaude horiek erabiltzen eta sustatzen dituzten hainbat elkarte. Aurten, gainera, lehen aldiz Euskal Inertzia kopa antolatu dute Euskal Herrian, eta oso harrera ona izaten ari da.

Udarekin batera heldu dira zenbait festatara goitibehera lasterketak. Goitibeherak motorrik ez duten ibilgailuak dira, inertziarekin jaisten direnak. Ezagunenak edo ohikoenak egur zatiekin eta gurpil batzuekin eraikitakoak dira, egun sputnik esaten zaienak. Baina badaude harago joaten diren asko, balaztak eta egitura sendoago bat erantsiz. Julen Agirreburualde Legazpiko (Gipuzkoa) Maldan Beherako kide eta lehendakaria da. Haren goitibehera ohikoa baino garatuagoa da, Europako kategorian dago C6 kategoriako bobcar-a. Askorentzat, ez du goitibehera itxurarik, baina motorrik ez duen bitartean eta inertzian jaisten den bitartean, goitibehera bat dela adierazi du:«Denbora eta gogoa behar dira. Oro har, norberak eraikitzen duelako bere goitibehera; hala ere, eraiki nahi ez dutenentzat salmentan edo alokairuan ere egoten dira».

Egun, goitibeherei inertzia kirol edo spitdown ere deitzen zaiela esan du Agirreburualdek. Kirol horretan, beste askotan bezala, segurtasun arauak daude. Gainera, asegurua izatea ezinbestekoa da, edozein istriputan hura babesteko. «Urte osoko asegurua eskaintzen dugu, eta lasterketa bakarrean lehiatzen direnei, eguneko asegurua. Nahitaezkoa da aseguruarekin lehiatzea».

30 kategoriatik gora daudela aipatu du Agirreburualdek, eta multzo ezberdinetan biltzen dituztela: Europakoak, hamar kategoriarekin; pneumatikoak, hiru kategoriarekin; errodamenduzkoak, betiko goitibeherekin; spitdrift edo trizikloak; eta, azkenik, arinak, patineteak eta abar. Kategoria ezberdinetakoak elkarren artean lehiatu daitezke, baina ez dute zerikusirik. «Bolido beltza edo bobcar-a, Europako kategoriaren barnean dago. G6 kategoriakoa da, eta 100 km/h-tik gora lor ditzake; sputnik-a, berriz, hasiberrientzako izango litzateke». Goitibeherek motorrik ez duten arren, abiadura neurtzeko gero eta baliabide gehiago daudela aipatu du Agirreburualdek: sakelakoa, GPSa eta bizikletako kilometro zenbatzailea, besteak beste.

Behin asegurua izanda, eta arau eta kategoriak jakin ostean, lasterketaren ibilbidea ezagutzea nahitaezkoa da, zati bakoitzean nola jokatu behar duten jakiteko. «Orokorrean hiru edo lau jaitsiera egiten ditugu, entrenamendurako bat gutxienez. Entrenamenduaren aurretik zirkuitua ikusi eta ikasi behar izaten dugu, zuloak non dauden eta non balaztatu behar dugun jakiteko».

Euskal Inertzia kopa

Aurten lehen aldiz Euskal Inertzia kopa antolatu dute beste hainbat elkarterekin batera, Agirreburualde koparen sortzaileetako bat eta kudeatzaile nagusia da. Hamahiru lasterketa eta lagun arteko hiru jaitsiera izango dituzte. Gipuzkoa eta Bizkaia gailenduko dira gehienbat aurtengo lasterketetan. «Euskal Inertzia kopan gutxika ari gara Araba sartzen, eta hurrengo urtean Nafarroan lasterketak lortu nahi ditugu».

Euskal Inertzia kopak harrera oso ona izan duela adierazi du Agirreburualdek, baina etorkizunari begira antolatu dutela nabarmendu du. «Hau azkenean elkarte, antolatzaile eta pilotuen batura bat izan da goitibeherei bultzada bat emateko, azken urteetan beherakada bat nabaritu dugulako».

Maldan Behera elkartea

Ilusioz azaldu du Agirreburualdek inertzia kirolen egungo egoera. Noizbait indarra galdu bazuen ere, egun garrantzia irabazten ari delako. Horren eredu azaldu du 2019an Legazpin jokatu zen Europako kopa. «Parte hartzaile kopurua duela urte batzuk baino txikiagoa bada ere, gutxika bagoaz lehengo kopuruak berriro lortzen».

Maldan Behera elkartea 2012. urtean sortu zuten Legazpin goitibeheretan beren kabuz ibiltzen ziren kide batzuek, horien artean Agirreburualde. «Maldan Beheraren helburu nagusia Legazpiko lasterketa berreskuratzea zen, baina, gerora, eskuetatik joan zaigu, eta, orain, Euskal Herriko proba denak antolatzen gabiltza». Ordutik hiru arlo dituzte bertako kideek: pilotuen arloa, lasterketetan parte hartzean oinarritzen dena; antolakuntza eta kudeaketa arloa, esaterako, Euskal Inertzia kopa antolatzen; eta, haurrentzako ematen dituzten sputnik ekitaldiak antolatzea.

Sputnik ekitaldiak herriko festetan egiten dituzte gehienbat. Udalak haiekin harremanetan jartzen dira, ekitaldiak herrian egin ditzaten. Esaterako, atzo Bakion (Bizkaia) izan ziren. «Zirkuitua guk antolatzen dugu, 100 metroko zirkuitu bat da, dozena bat goitibehera sputnik eramaten ditugu eta zirkuituan ginkana itxurako zerbait antolatzen dugu, babes batzuekin, konoekin, eta abar». Zirkuituetan helburua goitibeheren funtzionamendua ezagutzea dela adierazi du, nola balaztatu eta bihurguneak nola eman behar dituzten irakatsiz. Haurrentzako zein helduentzako ematen dituzte sputnik ekitaldiak.

Berria